Albisteak

 

Igande honetan, maiatzaren 8an, izango da Mendatan Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren (EKZP) helburuak eta onurak azaltzen dituen erakusketa ibiltaria. Urdaibaiko Biosferaren Erreserbarako Patronatuak martxan jarritako erakusketa hau, herritarrak informatuta mantentzeko planaren parte da.

“EKZP dokumentu arau-emaile bat da, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako urbaniza ezin diren lurzoruetan zer jarduera egin daitezkeen arautzen duena. Beraz, garrantzitsua da Mendatako auzotarrei dokumentuaren inguruko informazioa eskaintzea, azken hau zehatz mehatz ezagut dezaten eta beharrezkoak ikusten dituzten ekarpenak eta alegazioak egin ditzaten. Horregatik, Patronatuak herriko areto batean erakusketa ibiltaria ipintzeko egindako proposamena onartu genuen", adierazi du Mendatako alkatea den Joseba Malleak.

Orain EKZP berrikusketa prozesuan dago, hain zuzen ere, informazio publikoko fasean. Horregatik, Patronatuak erakusketa ibiltari hau antolatu du, Mendatan ez ezik, Erreserbako beste herrietan ere. Helburua herritarren iritzia jakitea eta egin ditzaketen ekarpenak jasotzea da.

Mendatako erakusketa Elizosteko Aretoan izango da igande honetan. Hiru orduko iraupena izango du, 11:00etatik 14:00etara, eta bertan tekniko bat egongo da. Hitzordura hurbildu ezin daitezkeen herritarrek, informazio lortu dezakete Madariaga Dorretxean izango den erakusketa iraunkorrean, www.euskadi.eus/urdaibai webgunean, (eskuragarri daude bai planaren dokumentazi osoa, bai hura prestatzeko garatu diren parte-hartze prozesuei buruzko informazioa ere) edo Patronatura deituz (944032360) eta tekniko batekin hitzordua eskatuz.