Albisteak

 

Mendatako Udalak, Estatu mailako lehen goreneko eraginkortasun energetikoko (passivhaus) etxebizitza tasatuen promozioaren aitzindaria, publikoki aurkeztuko dau herrian burutuko duen proiektu hau, bai profesional sektorea eta bai herritar zein publiko orokorraren aurrean.  "Eraginkortasun energetikoa guztion esku" titulupean, jardunaldia datorren eguenean, apirilak 25, burutuko da. Bi saiotan bananduko da, goizez, profesionalei eta erakundeei zuzenduta eta arratsaldez, publiko orokorrari zuzenduta.

Mendatako Udalak aurrezpen energetikoaren alde eta etxebizitza ekonomikoki eskuragarriaren alde egiten dau.  Helburu honegaz Passivhaus estandar zorrotzetan oinarritutako erabat eraginkorrak diren etxebizitza tasatuen lehen promozioaren eraikuntza proiektua garatzen dabil.  Proiektu honek kalidadezko etxebitza eskeintzen dau, ingurumenagaz errespetutsua, kontsumo energetiko oso baxukoa eta prezio onekoa.

Guztira 15 etxebizitza tasatuen eraikuntza aurreikusten da Passivhaus irizpideetan oinarrituta. Arkitektura jasangarriko alemandar estandar zorrotz honek, ondo zaindutako eraikuntza ebazpen zehatzak erabiliz energia kontsumo minimoa ziurtatzen dau, kalefakzio eskaera gutxituz.  Isolamendu handiak, beroa berreskuratzea bermatzen duen aireztapenak eta zubi termikorik gabeko diseinuak kalefakzio gastua zazpi biderrez murriztea bideratzen dabe (15kwh/m2 urtean, etxebizitza arrunt baten 100kwh/m2 urtean izanik) . 
 
Eraikuntza proiektua faseka burutuko da bost etxebizitza fase bakoitzeko. Promozioa kooperatiba erregimenean burutuko da eta babestutako etxebizitzen udal ordenantzako baldintzak betetzen dabezen pertsoneei zabalik dago.

Mendatako Udalak proiektu barritzaile hau ezagutzera emon gura dau eta horregatarako bi saioitan bananduko da aurkezpen jardunaldia.  Goizeko 11:30etatik aurrera udal arduradunek eta arkitekto adituek proiektuaren eta passivhaus estandarraren xehetasunak azalduko dabez gonbidatutako profesionalen eta ordezkari instituzionalen aurrean. Arratsaldean, 19:30etatik aurrera, Mendatako eta Busturialdeko herritarren aurrean eta etxebizitza promozio honen gainean interesatutako publiko orokorraren aurrean egingo da aurkezpena. Hitzordua Mendatako Elizozte eraikinean izango da.