Albisteak

 

Mendatako Herriko Tabernak, Artape Tabernak, barriro zabalduko dauz ateak bariku honetan, apirilaren 27ª, eta asteburu osoan ekintza bereziak aurreikusi dauz. Negozio-lokala errentan emoteko prozesuaren ostean, prozedura irekiaren barne Kontratazio Mahai bat izan dalarik, tabernaren kudeaketa Ramon Lauzirika ostalariaren esku egongo da orain. Gainera, bariku honetan be “Elkarrekin-Together” dokumentala eskeiniko da “Gure Esku Dago”ren eskutik.

Elexalde auzoan kokatuta, Artape Tabernak 90. Hamarkadan zabaldu ebazan ateak lehen aldiz. Mendatako Herriko Taberna, udal eraikina, azken hilabeteetan zarratuta egon da negozioaren adjudikazio prozesua emon dan bitartean. Lokala errentan emoteko prozedura irekia burutu da, martxoaren 4tik apirilaren 6ra. Kontratazio Mahaian, udal arduradurak eta ostalaritzaren profesionalak izan dira, eta honeek aurkeztutako eskaerak baloratu dabez. Azkenean,  Artape Taberna Ramon Lauzirika ostalariak kudeatuko dau, kontratuko 5 urteetan.
Mendatako Herriko Tabernak jantoki txiki bat dauko beheko solairuan eta 20 pertsonantzako lekua dago bertan, goiko partea zabalagoa da, 80 pertsonantzako lekuagaz. “Ostalaritza zerbitzu hau herrian barriro izateagaz pozik gagoz. Mendatan herrian bertan gozatzen dogu aisialdiaz, lagunen artean, eta Herriko Taberna betidanik izan da gure arteko topagune on bat”, azaldu dau Mendatako Alkateak, Joseba Malleak. 
Lokalaren irekiera ospatzeko, asteburu osoan ekintza bereziak antolatu dira. Zapatuan, apirilaren 28an, sagardotegi menua eskeiniko da 20:00etatik aurrera (oilaskoa, txuletoia…) eta Esteibar eta Obietaren musikak alaituko dau giroa 23:00etatik aurrera. Domekan, apirilaren 29an, 13:00etatik aurrera umeentzako jolasak egongo dira ZURESKUren eskutik (Egurrezko jolas tradizionalak). Eguraldi txarra izan ezkero frontoian izango dira. Umeentzako gozoki poltsak eta izozkiak egongo dira.
Gainera, barikuan bertan, 19:30etan, Elizoste eraikiniean “Elkarrekin-Together”  dokumentala emongo da, “Gure Esku Dago”ren eskutik. Hizlaria, Anjel Oiarbide izango da.   Dokumentala pasadan urteko Donostiako Zinemaldian estreinatu zan eta Euskal arrantzaleek Ipar Ameriketan utzitako oinatz-lorratzaren inguruan sakontzen dau. Dokumentalak kooperazioa eta elkar ulertzea bezalako baloreak lantzen dauz.
Filmak honakoa kontatzen dau: Euskal arkeologoen espedizio bat Ameriketako Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean dagoen irla bateraino hurbiltzen da. Bertan ez da inor bizi, eta antzinako dokumentu batzuk, toki honetan euskaldun bale arrantzaleen eta jatorrizko amerikarren artean topaketa eta kooperazio historia bat eman zela erakusten dabe. Espedizioak amesten duena aurkitzen badabe beste mundu bat posible zela erakutsiko dabe, beste mundo bat posible dala.