Albisteak

 

Mendatako Udalak bere Zuhaitz Eguna eta Txitxiburduntzi eguna ospatuko dauz datorren domekan, martxoak 8. Familia giroan, mendatarrek tradizioa eta aisialdi naturala uztartuko dabez, belaunaldi barriei gure kulturaren eta ohituren balioa transmititzeko.

"Mendatan beti egiten dogu bat gure tradizioekaz, gure bizilagunen arteko harremanak sendotzen doguz eta gure gazteak eta haurrak ilusioz bizi daitezen eta gure kultura balora dezaten apustu egiten dogu. Ekimen horiekaz tradizioa, dibertsioa eta kontzientziazioa batzen doguz, eta, gainera, une onak partekatzen doguz. Gorde ditzagun gure tradizioak, eta bizirik mantenduko dogu gure kultura. Gure herrian emakumeak duen papera be goraipatu gura neuke, gure gizartearen garapenerako beti erreferente eta funtsezko zutabea baitira. Zorionak emakume mendatar guztiei eta eskerrik asko zuen lanagatik, ahaleginagatik eta dedikazioagatik ", aipatu dau Mendatako alkate Joseba Malleak.

Datorren domekan, martxoaren 8an, Mendatako Udalak jardunaldi berezi bat antolatu dau Zuhaitz eguna eta Txitxiburduntzi eguna ospatzeko, Emakumearen Nazioarteko Egunagaz bat eginez. Lehenik eta behin, Zuhaitz eguna ospatuko da. Herriko familiek domeka goiz baterako plan ezin hobea izango dabe. 10:30etatik aurrera herriko haurrak eta euren familiak Artape inguruan elkartuko dira Kalbariorantz joateko. Bertan, iaz landatutako zuhaitzak bisitatu eta kimu berriak landatuko dabez.

Naturagaz bat egin ondoren, Txitxiburduntzi eguneko tradizioa bizitzeko unea izango da. Haurrak, gurasoak, aitona-amonak... guztiak dagoz deituta ohiko jardunaldi honetan parte hartzera. Mendatako herritar guztiei eta, bereziki, haurrei zuzenduta, familia mendatarren arteko harreman sozialak sendotzeko eta tokiko tradizioak kontserbatzeko balioko dau egun honek.

Eguna borobiltzeko, txorizoak burduntzira erre aurretik, familiek beren taloa egingo dabe. 12:00etan bilduko dira Taberna Barrin taloa egiteko, eta ondoren txorizo erreak dastatuko dabez.
Aurretik, txitxiburduntziaren unerako txingarrak prest izateko sua prestatuko dabe. Herritarrek euren zotzak eramango dabez Udalak ematen dauen txorizoa txingarretan egiteko.