Albisteak

 

Domeka honetan, otsailak 17, Mendata rally-en kopilotuentzako ikastaro praktikoaren eszenatokia izango da. Gernika Racing-ek eskeintzen duen ikastaro hau lehen aldiz ematen da Busturialdean eta zapatuan hasiko da kurtsoa Gernika-Lumon klase teorikoekaz. Ikastaroak irakasle ezin hobeak izango dauz, Rodolfo del Barrio, Aintzane Goñi edota Txus Jaio pilotuak, besteak beste.

Busturialdean zaletasun handia dago gurpil gaineko txapelketetan eta rallyak dira motorraren kultura horretan funtsezkoak. Zale zein pilotuen ezagutza hobetzeko Gernika Racing-ek kopilotuentzako ikastaroa antolatu dau, lehen aldiz eskualdean. Partehartzaileek gai ezberdinetan sakondu ahal izango dabe, notak hartu, denborak neurtu, prozedurak edota road-book-ak, besteak beste.

Ikastaroa bi egunetan banatzen da. Lehena teorikoa izango da eta zapatuan eskeiniko da, otsailak 16, Gernika-Lumoko Astrako instalazioetan.
Mendata izango da kurtsoaren bigarren eguneko protagonista. Izan be, klase praktikoak eskeiniko dira parking-aren inguruan atondutako zirkuituan.  Mendatako Udalak herriko lokalak utzi dauz partehartzaileek kotxez kanpoko klase praktikoak hartzeko be, adibidez, lehen sorospeneko heziketa.

Kopilotuaren lan garrantzitsua zelan burutu ikasteko prest dauden partehartzaileek irakasle ezin hobeak izango dabe, Rodolfo del Barrio eta Aintzane Goñi bezalako nazio mailako pilotuak edota gurpil gaineko magoak diren Txus Jaio edota Gorka Antxustegi, besteak beste. 

Plaza mugatuak dira baina antolakuntzatik aipatu dabe izen emateko epea zabalik egongo dela ikastaro egunerarte.