Historia

Mendata udalerria Gernika-Bermeo, hau da, Busturialdea-Urdaibai eskualdearen hegoaldean kokatzen da, Oiz mendiaren iparraldeko mendi-inguruetan. Herria zeharkatzen duten ibaiek Golako eta Berrekondok haran estuak osatzen dituzte ibilguan; Berrekondon ezinezkoa da giza-asentamentua.

Asentamendu polinuklearra da nagusi, Olabe, Elexalde eta Marmiz auzoetan eta batez ere, Albiz auzo zaharrean; erdigunea Elexalde auzoa da.

Gure Elizatearen jatorria

Familia

Mikel Goiaingeru Deunaren eliza Bizkaiko Jaunen nekazari kolonoek eraiki zuten X.mendean tontor baten puntan. XVI.mendean handitu eta berreraiki zuten.

XIII. mendean ekonomiak dibertsifikazioa jasan zuen eta mendietako asentamenduak geldiro-geldiro haranetarantz abiatu ziren auzoak sortuz, hortxe dute sorrera Albiz, Elexalde eta Lamikiz auzoek, gaur egungo zaharrenek. Albiz Bizkaiko kofradiarik zaharrenetako bat dugu, Albiz etxearen inguruan garatu zen.

Egitura sozio-ekonomikoari dagokionez, Besantxe, Lamikiz, Mansa, Olabarrieta, Olabe, Olaeta, Zugaza, Bidasolo ... arma-etxeak nabarmentzen dira; gainera, eurotako batzuek, ekonomikoki boteretsuak, garrantzi handia izan zuten Erregimen Zaharrean.

Leinuak eta bandoak

Albiz Dorretxearen jabea

Berant Erdiaroko Bizkaiko gizarteak giza-arazo larriak jasan zituen krisi ekonomikoak jauntxoen errentetan izan zuen eraginagatik; egoera hartan, leinuek nekazarien gaineko presioa handitu egin zuten eta boterea lortu nahi zuten Jaunaren edo hiribilduen lur eta jardueren jabe eginda. Busturialdeko Merindadean Onazinotarren bandoa zen nagusi, Albiz auzoari izena eman zion Albiz Dorretxearen jabeak ere, Albiz etxekoak, onazinotarrak ziren.

1440. urtearen inguruan Albiz Etxeko leinuko bat (Albiz Dorretxearen jabe eta Berrenondo eta Manzaren jabea ere bazena) Meceta etxeko jabearekin ezkondu zen, leinu biak senidetu egin ziren eta inguruko beste leinu txikiagoekin batera, sutsu hartu zuten parte bandoen borrokan.

XV.mendearen amaieran eta XVI.mendearen hasieran, baldintza ekonomiko-politikoa orokorrak hobetu zirenean, amaitu ziren gaztazkak.